PROIEKTUA        

Eguzkiz Blai,

Herri bat ureztatzeko proiektua.

Eguzkiz-blai proiektuaren helburua Taghia-ko herriak etxeetan ura eskuragarri izatea da. Herri honek sorburu ugari dituen arren, etxe askori ez zaio iristen, eta iturburu desberdinetara joan behar izaten dute ur bila. Hau izan zen garai trumoitsu horrek botatako lehen ur tanta.

Proiektuaren ideia 2021eko apirilean, Aitzol eta nik, Iñakik, Taghia-ra (Marokoko Atlas mendilerro ondoan dagoen herrixka batera) eskalatzera bertaratu ondoren sortu zen.

Europan zailtasun asko genituen garai hartan askatasunari zegokionean, baina harridura handiz hartu genuen bertako mandozainak (astoen zaintzaileak) esan zigunean bakarrik egongo ginela, urte bat baino gehiago baitzen eskalatzailerik gerturatzen ez zela. Bizipen hau opari bat izan zen guretzat, eskalatzeko horma guztiak guretzat izateaz gain, Said eta etxekoekin beste egonaldi batzuetan baino erlazio estuagoa izateko aukera izan baikenuen.

Beraiek kontatu digutenez, orain dela urte batzuk, Maroko-ko gobernua hasi zen egoera hau hobetzeko proiektu bat martxan jartzen; besteak beste, bi ur depositu eraikita daude, gasoilezko motor batekin (nahiz eta ez den motorra sekula martxan jarri) batetik bestera ura garraiatu ahal izateko. Uste dugu hau ez dela bertako herritarrentzako konponbiderik hoberena, bertara erregaia eramateko zailtasunak izateaz gain, hori ordaintzeko diru sarrera nahikorik ez dagoelako herrian.

Askotan, bakardadea behar izaten dugu gauzak beste ikuspegi batetik ikusi eta gure begirada zabaltzeko. Eskalatzaileok odolean daramagu abentura grina, baina askotan gure itsukeri eta beharrek ez digute uzten begien aurrean duguna ikusten. Gure kasuan, herrian geneukan lasaitasun eta bakeak, eskaladaz haratago herritar hauek zituzten aukerak eta beharrak ikusten lagundu zigun.

Uste dugu munduan zehar modu honetan bidaiatu duen edonork izan duela burutapenen bat modu batera edo bestera laguntza eskaintzeko (betiere, beraiek behar eta nahi izango balute). Hori dela eta, eguzki-plakekin herriaren goiko aldean dagoen depositura ura ponpatzeko instalazio bat egitea da helburua.

Pare bat hilabete beranduagao Euskal Herrian ginenean, orduan ere eskalatzera bidean gindoazen gure bidaiari buruz hizketan, Mohamed-i (Said-en semeari) mezu bat idaztea bururatu zitzaigun, eta honakoa bidali genion:

“Taghia-ko herritarrei laguntza bat emateko aukera izan dezakegula uste dugu, baina ez dugu zuek sentitzen ez duzuen beharrik sortu nahi. Hori esanda, ea zer iruditzen zaizuen proposamena”.

Mohamed-ek ilusioz hartu zuen gure eskaintza, herritarrekin bildu eta beharrak aztertu ondoren erantzungo zigula esan zigun.

Urte t’erdi beranduago hau idazten ari gara, garai trumoitsu horretan botatako ur tanta hori itsasorako bidea ilusioz egiten ari delarik. Zuen ur tantekin, denok batera itsasoratzeko gogoz; naturak aski polit eta erakargarri erakusten digun Taghia-ko herrira.

MILA ESKER HAU AURRERA ERAMATEN LAGUNTZEARREN!