TAGHIA        

Taghia herria

Taghia Atlas Garaian dago, Marrakechetik 200 km ekialdera Azilal probintzian. Kolore marroixka duten kareharrizko horma handien magalean kokatutako 600 biztanleko herrixka berbere bat da Taghia. Herria gutxi gorabehera itsas mailatik 2.000 metroko altueran dago, eta errepiderik iristen ez den azken herrietako bat da Atlasean, bertaraino pare bat orduko ibilbidea dagoelarik Zaouiat Ahenesal herritik. Hala ere, gaur egun errepidea egiteko lanak martxan jarriak ditu gobernuak.

Taghiako mendiek bere hormen azpitik urte osorako ura ematen die herriak dituen lur emankorrei, eta ur hau zabaltzeko, kanal sare bat erabiltzen dute. Hegoaldera begira dagoen muino batean kokaturiko herrixka koloretsu bat Taghia. Hori dela eta, bertako biztanleei Atlaseko beste herri batzuekin alderatuta bizimodu erosoagoa edukitzeko aukera ematen die naturak, baita bertan ikasteko aukera ere, 80 bat umerentzako ikastetxea ireki berri baitute. Dena dela, bertan neguak oso gogorrak izan daitezke.

Hemen azken 20 urteetan eskaladak izandako garapena eta honek nazioartean izandako oihartzunak bertako herritarren eraikuntzen egokitzea ekarri du, gerturatzen diren eskalatzaileak beraien etxeetan jaso ahal izateko. 90. Hamarkadan bi etxebizitza zeuden prestaturik eta erregistraturik GTAMeko sarean (Grande Traversée de l’Atlas Marocain); gaur egun, aldiz, beste bi edo hiru etxebizitza ere atontzen ari dira.

Atlas mendilerroko bihotzean kokaturiko herrixka hau leku paregabea da.  Mendilerroko hego aurpegietan begirada luzatuz gero, oraindik ikus ditzakegu artzainak beraien ahuntzen zaindari eta eskalatzaileekin hizketalditxo bat egiteko gogoz, elkarbizitza osasuntsu bat egitea posible dela erakutsiz. Paisaia zoragarri hauek eta bertako biztanleen gizatasunak bereziki hunkitu gaitu.

Eskalada Taghian

Taghian eskalatzeko paretak oharkabean pasa ziren denbora luzez. 1970. urte inguruan frantsesak bertaratu eta lehenengo bide esanguratsuak irekitzen hasi ziren, hala ere, XXI. mendean hartu zuen indarra inguru horretan eskaladak. Mundu guztiko eskalatzaileak hasi dira bertaratzen eta ikaragarrizko kalitatea duten bideak ireki dituzte azken urteetan bere kare harri marroiska bezain politean. Hori dela eta, bidaia eta eskalada maite duen ororentzat leku bereziki erakargarria da.

Hamarkadetan zehar bertako gazteek arraro begiratzen zieten materialez hornitutako bisitari haiei, nahiz eta beraiek ere mendietara joaten diren beste arrazoi batzuk tarteko.

Denbora aurrera joan ahala eskalatzaileen zaletasuna herriko gazteen artean zabaldu da. Gaur egun gazte hauetako batzuk eskalatzaile onak izatera iritsi dira, baita Casablancan ospatzen den txapelketan parte hartzera ere. Mohamedak, Saïds eta Slimans herrira oso loturik daude eta beraien ilusioa afizioa ofizio bihurtzea da, guzti honekin Taghiako eskaladaren historian lekutxo bat eginez.

2008. urtean pirenaista famatu eta mendi gidari den Christian Ravierrek publiko egin zuen Taghiako lehen eskalada liburua, 150 biderekin. Gida honen bigarren edizioa 2019. urtean argitaratu zen, eta oraingo honetan 300 bide agertzen dira. Liburu honetan Taghia herri ondoko bideez gain, herritik urrunxeago dauden bideak ere agertzen dira, baita oraindik ere irekitzeko geratzen diren bide aukerak ere.